XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Miss Rosak bakarrik.

Ez zituen gustukoak emakume haren bizimodua, eta ezta izakera ere.

Autoritarioa iruditzen zitzaion eta aspalditik ikasia zuen Madamek autoritarismoa dela norberaren ahuldadeak izkutatzeko bidea.

Baina, hala ere, sentitu egin zuen miss Rosaren heriotzaren berri hura.

Hogeitalau ordu lehenago ordenagailuen aurrean izandako eszenaz oroitu zen.

Mundu guztiaren jabe izango balitz bezala mintzatu zitzaion miss Rosa: Negozioen haunditasuna ez da desegiten duzunagatik neurtu behar, sortzen duzunagatik baizik.

Eta orain han zeuden, ordenagailuetako pantailetan, negozioak, sortzaile beti bezala, baina miss Rosaren bizitza desegina zen hegazkinen hondakinekin batera txikitua.

Burutazioen une hartan malkoa isuri zen Madameren begietatik eta puntiladun musuzapi zuri batez lehortu zuen masaila borobiletik behera zihoakion malkoa.

Gero, keinu energiko batez bere onera bueltatu nahian: - Ez da sentimentalkerietarako garaia- esan eta telefono deien kontuak ateratzen hasi zen.

Lehendabizikoa, Bixentikok jaso zuen miss Rosarena, Madame Kontxexik dei zezala urgente eskatuz eta haren deia izan arte ez zuela Japonera aldegingo esanez.

- Zergatik aldatu ote zuen asmoa?.

Bigarrena, Madame Kontxexik Flower`s City-ra egina.

Neskameak telefonoa hartu zionean, miss Rosak Japonera aldegin zuela adierazi zion.

Hirugarrena, Bixentikok jasoa hura ere, eta miss Rosak egina Japonetik, Madame Kameliaren kasu hartaz ahaztu zedila eskatuz.